
ZINEBI-ko sail ofizialean estreinatuko dugu “ANTI”
Gaur ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia aurkeztu dute. ANTI filma zinemaldiaren atal ofizialean estreinatuko da azaroaren 8an Arriaga antzokian.
“ANTI”, Adabaki Ekoizpenak eta Gastibeltza Filmak aurten ekoizturiko filma da. Bestalde, iaz Adabakik ekoitzitako zuzendari beraren “Ama” laburmetraiaren segida zinematografikoa ere bada “ANTI”.
Martxela Aneva-Fuchs, Hélène Hervé eta Ximun Fuchs dira aktore nagusiak. ANTIk 1921eko negura garamatza. Frantziaren alde lau urtez fronteetan borrokatu ondotik, soldadu joandako herritarrak Baxenafarroako Bizkarsoro herrixkara itzuli dira. Bestalde, Parisetik maistra heldu da Bizkarsorora. Herriko umeek euskaraz besterik ez dute egiten. Maistrak frantsesez baino ez.