
‘Lurraren bidean’ dokumentala eskoletan zabaltzen hasita
Joan den otsailean ‘Lurraren bidean’ dokumentala Kultur Leioan aurkeztu ondoren, proiektua orain Euskal Herriko ikastetxeetan zabaltzen ari da Aranzadi zientzia elkartea. Izan ere, ikus-entzunezkoa helburu didaktiko batez sortu zen eta, beraz, material didaktiko gisa ere erabil daiteke.
Urratsez-urrats, Euskal Herriko geologiak gordetzen dituen iraganeko pasarteak irakurriz, gure paisaia ulertzera lagunduko digun dokumental dibulgatiboa da ‘Lurraren Bidean’. Milioi urtetan zehar bidaiatuz, itsaso tropikaletik glaziarretara pasaz, itsas sakoneko eremuetatik laku ertzetara irristatuz, bizi gareneko lurrari argia emango dion ikus-entzunezkoa ekoiztu du ikertzaile eta kultur eragile anitzek osaturiko lantaldeak.